viernes, 5 de febrero de 2010

Maitasun gutuna


Egunero agertzen zara nire ametsetan, bertan baino ez dut zure ondoan egon eta zure ezpain leunak ukitzeko aukera. Egun osoa, ametsen munduan zehar egotea gustatuko litzaidake zure ondotik inoiz ihes ez egiteko.

Ikusi zintudanetik, nire buruan zu baino ez zaude. Liluratu ninduzun zure begi distiratsuekin. Zu ikustean, beste pertsona eta gauza guztiak desagertzen dira, munduan bakarra izango bazina bezala eta zu baino ez zaude nire ikuspegian. Nire begirada zurearekin elkartzean, bihotz taupadak bizkortu eta gorputz guztia paralizatzen zait baina beste alde batera begiratzen dut sentitzen dudan guztia ez transmititzeko.

Zugana hurbiltzea eta zurekin hitz egitea asko kostatzen zait, aurrean zaitudanean, hitzak ez zaizkit irteten,urduri jartzen naiz eta lotsak ez dit uzten ni naizen modukoa izaten, nire nortasuna erakusten eta ez dakit zer egin hori ez gertatzeko.

Nire zoriona zuk sortzen duzu, baina, maitasunak, momentu txarrak ere badauzka. Inoiz elkarrekin egongo ez garela pentsatzen dut, gehiegi zara niretzako. Zu ahazten saiatu naiz, gurea ezinezkoa dela badakidalako, nik sentitzen dudana, zuk sentitzen ez duzulako, baina, ezinezkoa da. Sentimenduak ezin ditut aldatu, nik ez dut erabakitzen zer maitatu, dena emango nuke batera egoteko.

Asko kostatzen zait hau guztia esatea, oso zaila egiten zait barnean daukadana eta sentitzen dudana adieraztea, asko maite zaitudala argi daukat,zu zara benetan maitatu dudan pertsona bakarra baina ezin dut barnean gorde denbora gehiagoz, horretarako idazten dut gutun hau, hainbeste maitatzen dudanari hau esateko indarra ez daukadanez, idazten lasaiago geratzen naiz.

Ez dakit eskutitz honen berri izango duzun, oraingoz ez daukat adorerik hau guztia esateko eta zuk berdina sentitzen ez baduzu, galdu nahi ez zaitudalako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario