viernes, 5 de febrero de 2010

Maitasun gutuna


Egunero agertzen zara nire ametsetan, bertan baino ez dut zure ondoan egon eta zure ezpain leunak ukitzeko aukera. Egun osoa, ametsen munduan zehar egotea gustatuko litzaidake zure ondotik inoiz ihes ez egiteko.

Ikusi zintudanetik, nire buruan zu baino ez zaude. Liluratu ninduzun zure begi distiratsuekin. Zu ikustean, beste pertsona eta gauza guztiak desagertzen dira, munduan bakarra izango bazina bezala eta zu baino ez zaude nire ikuspegian. Nire begirada zurearekin elkartzean, bihotz taupadak bizkortu eta gorputz guztia paralizatzen zait baina beste alde batera begiratzen dut sentitzen dudan guztia ez transmititzeko.

Zugana hurbiltzea eta zurekin hitz egitea asko kostatzen zait, aurrean zaitudanean, hitzak ez zaizkit irteten,urduri jartzen naiz eta lotsak ez dit uzten ni naizen modukoa izaten, nire nortasuna erakusten eta ez dakit zer egin hori ez gertatzeko.

Nire zoriona zuk sortzen duzu, baina, maitasunak, momentu txarrak ere badauzka. Inoiz elkarrekin egongo ez garela pentsatzen dut, gehiegi zara niretzako. Zu ahazten saiatu naiz, gurea ezinezkoa dela badakidalako, nik sentitzen dudana, zuk sentitzen ez duzulako, baina, ezinezkoa da. Sentimenduak ezin ditut aldatu, nik ez dut erabakitzen zer maitatu, dena emango nuke batera egoteko.

Asko kostatzen zait hau guztia esatea, oso zaila egiten zait barnean daukadana eta sentitzen dudana adieraztea, asko maite zaitudala argi daukat,zu zara benetan maitatu dudan pertsona bakarra baina ezin dut barnean gorde denbora gehiagoz, horretarako idazten dut gutun hau, hainbeste maitatzen dudanari hau esateko indarra ez daukadanez, idazten lasaiago geratzen naiz.

Ez dakit eskutitz honen berri izango duzun, oraingoz ez daukat adorerik hau guztia esateko eta zuk berdina sentitzen ez baduzu, galdu nahi ez zaitudalako.

Argudio testua


Ama maitea, gauza bat esateko idazten dizut:
Dakizun moduan, datorren larunbatean, festa bat ospatuko da gazte txokoan eta hamabost urteko lagun guztiak bilduko dira bertan gau on bat pasatzeko asmoz.
Ginera, gustukoen dudan taldearen kontzertua ere egongo da eta beraiek ikusteko irrikaz nago.
Festa ostean, Iratik bere etxera joatera gonbidatu gaitu bertan lo egiteko bere gurasoak ez daudela aprobetxatuz eta denei ideia ikaragarria iruditu zaie, baina zuk, joaten utziko zenidake? Badakit, ez zaizula batere gustatzen etxetik kanpo lo egitea eta berandurarte geratzea baina gau bat baino ez da izango eta badakizu ondo portatuko naizela. Gainera, denak joango dira eta bestela bakarrik geratuko nintzateke.
Beste gauzatxo bat eskatu nahi nizuke, diru pixka bat behar dut festarako janaria erosteko. Astea honetan eta hurrengoko ordainsaria ematea eskertuko nizuke, zin egiten dizut hurrengo astean ez dizudala dirurik eskatuko.
Amatxo, egun bat baino ez da izango eta nigan konfiantza gehiago eduki behar zenukeela uste dut, ez zait ezer gertatuko. Badakit nitaz arduratzen zarela baina zu ere gaztea izan zara eta lagunekin egotea gustatzen zitzaizun edo ez zara oroitzen?
Mesedez, uler nazazu. Badakizu, ezetz ematen badidazu ulertu egingo dudala baina ikaragarri gustatuko litzaidake bertan egoten.
Eskerrik asko, agur.
Ane

Ipuina



Erle batek ziztatu izan balio, jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat-batean? Hura zen aitaren galdera.
Arin - arin esnatu nintzen izerditan, zarataka amari deika eta ia arnasa hartu ezinik. Aita, korrika batean etorri zen nire logelara zer gertatu zitzaidan jakiteko eta nire aurpegia ikustean, larria izango zen susmoa hartu zuen.
-Zer gertatzen zaizu?- Galdetu zidan izututa.
Nik ezin nion erantzun, aita besarkatu eta negarrez hasi nintzen izandako ametsa gogoratzean.
-Amarekin egin dut amets, esan nion azkenean apur bat lasaitzean. Zerbait esan nahi zidala iruditu zait, gauza garrantzitsu bat.
-Lasai egon. Zure imajinazioa baino ez da izango. – Esan zidan besarkatzen zidan bitartean.
-Ez, ziur nago amak zerbait esan nahi didala. Amets oso erreala zen, ama ikusi egin dut eta apurka- apurka, hurbiltzen joan gara baina eskua luzatu didanean, esnatu egin naiz.
-Peio, badakit oso zaila dela dena zuretzat ama hil denetik,baina, onartu egin behar duzu. Faltan botatzen duzu eta zeure burua nahastuta dago, amak ezin dizu ametsetan hitz egin. Biok badakigu ama joan dela eta zoritxarrez, ez dela inoiz bueltatuko.

Nire ama, orain dela bi urte hil zen. Poliziek, etxean hilda aurkitu zuten eta bere buruaz beste egin zuela diote.Hori esatean, paralizatuta geratu nintzen, oraindik ez dut esandakoa sinesten. Amak ezin izan zuen bere bizitzarekin horrela bukatu. Oso zoriontsua zirudien, beti zegoen alai eta asko maite genuen guztiok. Lan on bat ere bazeukan, Durangoko institutuan egiten zuen lan eta oso gustura zegoela esaten zuen. Ez nuen ezer ulertzen, hainbat hilabete etxean igaro nituen, ez nintzen nire logelatik irteten ikastetxera joateko ez bazen. Azterketak ez nituen gainditzen, ikasten hastean, ama burura etortzen zitzaidalako, ezin nuen burutik kendu. Ia ez nuen hitz egiten, ez lagunekin, ezta aitarekin ere, oso garai triste eta penagarria izan zen.
Orain hamasei urte ditut eta oraindik ez dut arazo hori gainditu, hobeto nago baina geroztik, ez naiz berdina.

Egunero amets berdina izaten dut, amarekin, baina inoiz ez dit esan beharrekoa esaten, ahoa zabaltzen hasten denean, esnatu egiten naiz oihuka. Aita, ez da nire logelara etortzen zer gertatu zaidan galdetzera, zoratuta nagoela pentsatzen du amak zerbait kontatu nahi didala esaten diodanean baina berak sinetsi ez arren beti egoten naiz gaua noiz helduko den zain loak hartu eta ama berriz ikusteko.

Astero, kanposantura joaten naiz ama ikustera eta gaur, Ariane izeneko neskatila bat ezagutu dut. Berak ere asko maite duen pertsona bat galdu duela esan dit, oso atsegina zen eta hainbat ordu igaro ditugu berba egiten. Ez naiz inorekin hain gustura egon tragedia horrek burua guztiz okupatu zidanetik. Asko gustatzen zait neska honekin egotea, berak, nik bizi izan dudan egoera bizi duenez, elkar ulertu egiten dugu eta maitemintzen hasi naizela uste dut.
Berari, dena kontatzen diot, nire amak buruaz egin zuela sinesten ez dudala eta izaten ditudan ametsak ere eta honek ez du esaten zoratuta nagoela, hori jakiteak lasaitzen nau, aitak esandakoa egia zela pentsatzen hasia bainintzen.
-Ariane, zuk uste duzu nire amak nirekin hitz egin nahi duela bere buruaz beste egiteagatik barkamena eskatzeko edo bera horrela hil ez zela komunikatzeko?
-Egia esan, ez dakit, poliziek esandakoa gezurra dela pentsatzen baduzu, ikertu eta frogak bilatzen saiatu beharko zenukeela uste dut, Nik, zerbaitetan ere lagun zaitzaket, nahi baduzu.
-Bai egia da, egia jakin nahi badut, ikertzen hasi beharko nintzateke poliziari ezer esan gabe. Zure laguntza eskertuko nuke, eskerrik asko.

Ikerketa lanak ez zaizkit asko gustatzen, ez nekien nondik hasi bilatzen. Etxe guztia arakatu nuen ama nola hil zen zerbait aurkitzeko asmoz eta bere lagun guztiekin hitz egin nuen baina inork ez zekien ezer. Dena ezkutuan egin genuen, inork ez zuen jakin behar ama nola hil zen ikertzen geundela, batez ere aitak, badakit ez zaiola gustatzen iragana irabiatzea.
Ikerketa uztea erabaki genuenean, amak eguneroko bat idatzi zuela gogoratu nuen. Aitari galdetu nion egunerokoa non zegoen, baina, asko harritu zen. Berak ez zekien amak, gertatutako guztia idaztea gustatzen zitzaiola eta aurpegi arraroa jarri zuen hori galdetzean. Arraroa iruditu zitzaidan baina ez nion garrantzi handirik eman eta nire kabuz egunerokoa bilatze erabaki nuen. Ganbarara joan nintzen eta Arianeren laguntzaz, goitik behera begiratu genuen eta azkenean, oso ezkutatuta zegoen koadernoa aurkitu genuen. Oso urduri nengoen bertan zer zegoen jakiteko eta behingoz gertatutako guztia jakiteko.
Ez nuen guztia irakurri, hil baino egun batzuk arinago idatzitakoa baino ez.
Orri honetan jartzen zuena irakurtzen, arnas gabe geratu nintzen. Arianeren ahotsa oso baxu entzuten nuen oihu egiten zuen arren, konortea galdu nuen.
Bat-batean, begiak zabaldu eta Ariane ikusi nuen urduri. Berak ere egunerokoan zegoena irakurri zuen.
Hau idatzi zuen amak hil baino bi egun arinago:

2007ko ekainaren 14a:
Senarrak, umeak saltzen dituela jabetu naiz. Banekien zerbait arraro
gertatzen zela, ia ez da betikoa eta orain zer egingo dut?
Polizia, guztiaz jakinarazi behar dut baina senarrak zerbait dakidala
susmatzen badu,
hilda nago.


Orain dena ulertzen dut, nire aitak hil zuen ama!
Telefonoa hartu eta poliziari deitu nion dena azaltzeko. Denbora luze honetan, amak buruaz beste egin zuela pentsatzera behartu naute baina banekien ezinezkoa zela.

Azkenean, aita kartzelan sartu eta izeba- osabekin bizitzera joan nintzen. Aita kartzelan sartu zuten gauean, amarekin amestu nuen berriz ere, baina gau hartan, hitz egin zidan, eskerrak eman, musu bat bota eta argirantz abiatu zen.
Ez nuen gehiago berarekin amestu, baina bera laguntzea asko gustatu zitzaidan, gustura geratu nintzen.
Arianek asko lagundu zidan gai honekin eta azkenean sentitzen nuen guztia esan nion, berak, maite ninduela eta musu bero bat eman genuen elkar.